BILBON eta DONOSTIAN egin ditugu emanaldiak


Bilboko Zazpi Katu gaztetxean emanaldia egin genuen urrian. Gaztetxekoek bikain antolatu zuten hitzordua eta jendez lepo egon zen, gure sorpresarako. Ikaragarria da nola aldatzen den emanaldi bera publiko askorekin edo gutxirekin. Kasu bakoitzak bere xarma dauka, eta gure betebeharra beti dena ematea da. Baina egia esan, jende asko dagoenean bestelakoa da publikoarekin sortzen den harremana, publikoan dagoen jendeak ere errazago adierazten du barrea, isiltasuna, unean uneko sentsazioa.

Esanguratsua iruditzen zait oso: azkenaldian Metrokoadroka ekimenaren eskutik egin ditugun emanaldien artean (bai 'Eskuen...' bai 'Herio...') gaztetxeetakoak izan dira jendetsuenak, beroenak. Larrabetzu, Bilbo, Zarautz...

Baina esan bezala emanaldi bakoitzak bere xarma dauka. Jende gutxiagorekin egin ditugu guretzat aurretik ere gustuko plazak izan direnak: Kafe Torero (Zarautz) da horietako bat, Amarako Ernst Lluch kultur etxea bestea. Olderik ez, baina bai emanaldiak gustura antolatzen eta ikusten dakien publiko mota. Hala izan zen Donostiako emanaldian: gu oso gustura ibili ginen, lehenago taldekideok Erloju lehorrak, Ezeraiketak edo metrokoadrobat eginda ere gustura ibili izan garen bezala. Sarritan gara kexu programazio ereduez, horregatik nabarmendu behar dira Erakusleihoa bezalako zirrikituak. Eta ez noski aktuatzeko aukera ematen digutelako soilik, publiko gisa ere eskaintza ederrak jaso izan ditugu bertan azken urteotan.

Hurrengo geltokia: Bermeo. Ez da nolanahikoa izango gainera, fanzineen eremuan lanean hazi garenontzat ederra baita Gura+haize bezalako ekimenen berri izatea.