AGUR


'Agur' honek 'kaixo' esan nahi du.
Eskuen sustraiak itxiko dugu urtarrilaren 29an Senperen, Hura ez da lekua zabalduko dugu otsailaren 24an Oreretan.

2009ko urrian jarri genuen martxan Eskuen sustraiak ikuskizuna, Susak liburua atera eta gutxira. Batzuetan urteetako lanak gutxien espero duzunean, gutxien espero duzun moduan ematen ditu fruituak: Oierren kasuan liburua garai bat ixteko eta omentzeko modua izan zen. Ikuskizuna sortu duen taldearen kasuan poesia errezitaldien ildoan sakontzeko modu bat.

Garai batean Mikelazulon elkartu eta aktuatzen genuenok jarraitutako bidean garapen bat egon da. Bai Ate hautsiak bai Eskuen sustraiak Oierren liburuak ziren, baina batez ere une bakoitzeko aitzakia perfektua, hasitako bidean sakontzearren ikuskizunak sortzen jarraitzeko aitzakia. Azken poesia errezitaldi hauetan ibili garenok gustukoa dugun egiteko modu bat, kode bat topatzen hasiak garela sentitu izan dugu, urteetako lanaren ondorioz ari garela oholtza gaineko lengoaia propio bat aurkitzen: Oierrek papereratutakoez gain Asierren testuak funtsezkoak izan dira ikuskizunari nortasun propioa emateko, Idoiaren pintura ulertzeko moduaren arabera antolatu dugu espazioa, Anderrek eszenak sortu ditu musikarekin. Errezitatzeko moduak, oholtzan egoteko erak.

Zentzu horretan Eskuen sustraiaken abenturak esperimentatzen jarraitzeko aukera eman digu, bai testuei bai oholtzaratzeari dagokionez pauso berriak urratzen hasteko grina piztearekin batera.

Hura ez da lekua sortzen gabiltza orain: Ander, Asier, Idoia, Oier eta Iñigo Ortega izango gara egileak. Lengoaia horretan sakondu nahian antzerkira gerturatzen saiatu gara. Sormen-prozesua intentsoa izan da, izaten ari da oraindik. Otsailaren 24an hasiko da plazaratzen emaitza, Oreretako Niessen aretoan, Korrika Kulturalak antolatuta. Hura ez da lekua martxan jartzeko azken urteotan ibili dugun tresna berria egonkortu dugu: 'Metrokoadroka sormen laborategia' izena jarri diogu Hura ez da lekua aurkeztuko duen kolektiboari.

Gure eskerrik beroenak Eskuen sustraiak proiektuan bidelagun izan ditugunoi: Susa argitaletxeari, kolaboratzaileei, emanaldien antolatzaileei, publikoari. Zuri.