BERGARAko emanaldiaren kronika





Bergaran izan gara: larunbata arratsaldea, eguzkiak ozen zioen... orain, poesia? oso jende gutxirekin abiatu gara (pertsona bakarra 'jendea' ote?), baina Orhipean-eko antolatzaileen harrera onean babes harturik egin dugu aurrera eta emanaldian barneratu ahala bildu da taldetxo bat.

Emanaldi bakoitzeko (g)unea errepikaezina da.

Hasteko ordu laurden falta zenean gitarra apurtu zaigu, beste baten bila abiatu gara eroen moduan. Ez zebilenez jende askorik kalean beranduago hasi gara. Elizaren atarian izan da emanaldia, jende helduak mezarako bidean zeharkatu du gure eskenatoki inprobisatua, jokoaren erdian. Umorea da ezusteei duintasunez aurre egiteko modu bakarra. Ederra izan da atera den saioa, osteko pintxoak ederrak izan diren bezala (gaur ibili dugun LOOPa batez ere txoixo egosiarena izan da!).