eskuen gomutak: ESPAZIOAK





Eskuen sustraiak ikuskizuna sortzerakoan garrantzia handia eman diogu espazioa lantzeko moduari. Pintura zuzenean erabiltzearen ondorioz sortu zaigu beharra. Nola uztartu zuzenean egindako koadroa errezitaldi baten dramaturgian, bete-lan hutsa egin gabe?

Galdera horren erantzuna topatu nahian, pinturaren beharretatik abiatu gara errezitaldiaren espazioa aukeratzeko orduan. Bide horretan iparraldean ikusi izandako antzezlanak izan ditugu inspirazio iturri: oholtzatik jaitsi gara publikoaren parera, eta erdian kokatu dugu jokorako espazioa, publikoa bitan banatuz aretoaren diagonalean. Errezitatzaileak punta banatan, koadroak lotzen ditu biak emanaldiak irauten duen artean, poematik poemara publikoaren parte batentzat pintatuz. Horrela publikoaren esperientzia bitan banatua geratuko da ezinbestean, inork ez du ikusiko osorik koadroaren prozesua. Unearen garrantzia genuen buruan horrekin guztiarekin batera.

Uneak eta (g)uneak. Izan ere, emanaldiak duen berezko espazioaren lanketari lekuen aukeraketa ere gehitu beharko baikenioke. Gogoan dugu Ornitorrinkus ikuskizun ederra, zeinean emanaldia egingo den espazioaren aukeraketak garrantzia handia hartzen zuen. Beti ez da posible, baina batzuetan ikuskizuna ederto txertatzen da espazio jakin batean. Eskuen sustraiaken kasuan bereziki nabarmentzekoak dira estetikagatik, giroagatik, ez ohikoenak izan direnak: Urkabe-Baita etxeko ganbara (argazkietan), San Pedroko Proisa fabrika ohia (egun Tirri-Tarraren egoitza) edo Larrabetzuko gaztetxea.