Larunbateko emanaldian Asier Sarasolaren poema berri hau entzun ahal izango da:
Nor ez izan ikasi nuen goizegi,
bidetik atera duten ibaiak bezala.
Lehorteak behar izan ditut
iturrira nola itzuli jakiteko.
Egarria da okerrena,
klasekideei ulertzen ez nizkien hitzak;
ama, aita...
Itsasoz egin dut oskola.
Itota baino ez naiz irtengo.
Irudimen handia behar da
egunero bi orduz
auto batean
egotera behartutako umea izanez gero.
Isiltasuna hazten da azalaren lekuan,
ibaia ibili zeneko arrasto haizatua.
Erroitzez egin dut oskola.
Erorita baino ez naiz irtengo.
Itoti nekagaitza nola,
izan ez nintzen umea ari zait deika
inoiz itsasoratuko denaren itxaropenaz.
Odolaren tankera hartzen diot
euri setati horren zaporeari.
Lepoari begiratu ohi diot ispiluan.
Arantzaz egin dut oskola,
hustuta baino ez naiz irtengo.