ESKUEN SUSTRAIAK Bermeon


Plazer handi bat izango da gura+haize fanzinearen jaialdian parte hartzea. Bereziki hunkigarria izango da guretzat gainera, Asel Luzarragarekin egingo dugulako bat oholtzan. Han ezagutu genuen elkar, orain sei urte inguru, kilimAmuak (Mikelazulo, 2004) liburua aurkezteko Bermeon egin genuen emanaldi batean.

Abenduaren 10ean ere... GORA BIRIKA!!!

ENTZUN Eskuen Sustraiak (zuzeneko grabaketak)


(Argazkia: Joseba Barrenetxea)

ESKUEN SUSTRAIAK INTRO
(Ahotsak: A. Sarasola eta O. Guillan. Musika: A. Fernandez)



PAPEREZKO BARATZEA poema
(Ahotsak: A. Sarasola eta O. Guillan. Musika: A. Fernandez)



LORONTZIAK ETA HAIZEA poema
(Ahotsak: A. Sarasola eta O. Guillan. Musika: A. Fernandez)



ZIGARRO BAT poema
(Ahotsak: Sarasola + Guillan. Musika: Fernandez)



SORO BAT GIBELEAN poema
(Ahotsak: A. Sarasola eta O. Guillan. Musika: A. Fernandez)



HAUR HAUTSIA poema
(Ahotsa: O. Guillan. Musika: A. Fernandez)



MEMORIA ZULATUA poema
(Egilea: A. Sarasola, I. Beratarbideren pinturan oinarritua)



VHSan poema
(Zuzenekoan mugimendua dagoenez, soinua ere halatsu)
(Ahotsak: Sarasola + Guillan. Biolina: Alvaro Ledesma)



ARGI BELTZ poema
(Ahotsak: A. Sarasola eta O. Guillan. Musika: A. Fernandez)



GOLDE LURRA poema
(Ahotsak: A. Sarasola eta O. Guillan. Musika: A. Fernandez)

BILBON eta DONOSTIAN egin ditugu emanaldiak


Bilboko Zazpi Katu gaztetxean emanaldia egin genuen urrian. Gaztetxekoek bikain antolatu zuten hitzordua eta jendez lepo egon zen, gure sorpresarako. Ikaragarria da nola aldatzen den emanaldi bera publiko askorekin edo gutxirekin. Kasu bakoitzak bere xarma dauka, eta gure betebeharra beti dena ematea da. Baina egia esan, jende asko dagoenean bestelakoa da publikoarekin sortzen den harremana, publikoan dagoen jendeak ere errazago adierazten du barrea, isiltasuna, unean uneko sentsazioa.

Esanguratsua iruditzen zait oso: azkenaldian Metrokoadroka ekimenaren eskutik egin ditugun emanaldien artean (bai 'Eskuen...' bai 'Herio...') gaztetxeetakoak izan dira jendetsuenak, beroenak. Larrabetzu, Bilbo, Zarautz...

Baina esan bezala emanaldi bakoitzak bere xarma dauka. Jende gutxiagorekin egin ditugu guretzat aurretik ere gustuko plazak izan direnak: Kafe Torero (Zarautz) da horietako bat, Amarako Ernst Lluch kultur etxea bestea. Olderik ez, baina bai emanaldiak gustura antolatzen eta ikusten dakien publiko mota. Hala izan zen Donostiako emanaldian: gu oso gustura ibili ginen, lehenago taldekideok Erloju lehorrak, Ezeraiketak edo metrokoadrobat eginda ere gustura ibili izan garen bezala. Sarritan gara kexu programazio ereduez, horregatik nabarmendu behar dira Erakusleihoa bezalako zirrikituak. Eta ez noski aktuatzeko aukera ematen digutelako soilik, publiko gisa ere eskaintza ederrak jaso izan ditugu bertan azken urteotan.

Hurrengo geltokia: Bermeo. Ez da nolanahikoa izango gainera, fanzineen eremuan lanean hazi garenontzat ederra baita Gura+haize bezalako ekimenen berri izatea.

BERGARAko emanaldiaren kronika





Bergaran izan gara: larunbata arratsaldea, eguzkiak ozen zioen... orain, poesia? oso jende gutxirekin abiatu gara (pertsona bakarra 'jendea' ote?), baina Orhipean-eko antolatzaileen harrera onean babes harturik egin dugu aurrera eta emanaldian barneratu ahala bildu da taldetxo bat.

Emanaldi bakoitzeko (g)unea errepikaezina da.

Hasteko ordu laurden falta zenean gitarra apurtu zaigu, beste baten bila abiatu gara eroen moduan. Ez zebilenez jende askorik kalean beranduago hasi gara. Elizaren atarian izan da emanaldia, jende helduak mezarako bidean zeharkatu du gure eskenatoki inprobisatua, jokoaren erdian. Umorea da ezusteei duintasunez aurre egiteko modu bakarra. Ederra izan da atera den saioa, osteko pintxoak ederrak izan diren bezala (gaur ibili dugun LOOPa batez ere txoixo egosiarena izan da!).

eskuen gomutak: ESPAZIOAK





Eskuen sustraiak ikuskizuna sortzerakoan garrantzia handia eman diogu espazioa lantzeko moduari. Pintura zuzenean erabiltzearen ondorioz sortu zaigu beharra. Nola uztartu zuzenean egindako koadroa errezitaldi baten dramaturgian, bete-lan hutsa egin gabe?

Galdera horren erantzuna topatu nahian, pinturaren beharretatik abiatu gara errezitaldiaren espazioa aukeratzeko orduan. Bide horretan iparraldean ikusi izandako antzezlanak izan ditugu inspirazio iturri: oholtzatik jaitsi gara publikoaren parera, eta erdian kokatu dugu jokorako espazioa, publikoa bitan banatuz aretoaren diagonalean. Errezitatzaileak punta banatan, koadroak lotzen ditu biak emanaldiak irauten duen artean, poematik poemara publikoaren parte batentzat pintatuz. Horrela publikoaren esperientzia bitan banatua geratuko da ezinbestean, inork ez du ikusiko osorik koadroaren prozesua. Unearen garrantzia genuen buruan horrekin guztiarekin batera.

Uneak eta (g)uneak. Izan ere, emanaldiak duen berezko espazioaren lanketari lekuen aukeraketa ere gehitu beharko baikenioke. Gogoan dugu Ornitorrinkus ikuskizun ederra, zeinean emanaldia egingo den espazioaren aukeraketak garrantzia handia hartzen zuen. Beti ez da posible, baina batzuetan ikuskizuna ederto txertatzen da espazio jakin batean. Eskuen sustraiaken kasuan bereziki nabarmentzekoak dira estetikagatik, giroagatik, ez ohikoenak izan direnak: Urkabe-Baita etxeko ganbara (argazkietan), San Pedroko Proisa fabrika ohia (egun Tirri-Tarraren egoitza) edo Larrabetzuko gaztetxea.

Larunbatean Bergaran

Larunbatean Bergaran eskainiko dugu saioa, 17:00etan, udaletxeko atzeko partean dagoen elizaren atarian. Nabarraldek, Bergarako Udalak eta Txoria txori egitasmoak antolatu dute elkarlanean.

Larunbateko emanaldian Asier Sarasolaren poema berri hau entzun ahal izango da:

Nor ez izan ikasi nuen goizegi,

bidetik atera duten ibaiak bezala.


Lehorteak behar izan ditut

iturrira nola itzuli jakiteko.


Egarria da okerrena,

klasekideei ulertzen ez nizkien hitzak;

ama, aita...


Itsasoz egin dut oskola.

Itota baino ez naiz irtengo.


Irudimen handia behar da

egunero bi orduz

auto batean

egotera behartutako umea izanez gero.


Isiltasuna hazten da azalaren lekuan,

ibaia ibili zeneko arrasto haizatua.


Erroitzez egin dut oskola.

Erorita baino ez naiz irtengo.


Itoti nekagaitza nola,

izan ez nintzen umea ari zait deika

inoiz itsasoratuko denaren itxaropenaz.


Odolaren tankera hartzen diot

euri setati horren zaporeari.

Lepoari begiratu ohi diot ispiluan.


Arantzaz egin dut oskola,

hustuta baino ez naiz irtengo.